Elkarrizketa: Iban Garcia

Bagatoz gure lehen lanarekin. Hilabate honetan, elkarrizketak landu ditugu eta pertsona ezagun bati ere egin diogu elkarrizketa. Jarraian irakur eta ikus dezakezue.

Iban Garcia (Azkoitia, 1999) youtuber ezaguna da eta orain telebistan ere ikus dezakegu Gure Kasa saioan. Horren harira hainbat galdera egin dizkiogu bera hobeto ezagutzeko.

.

Kaixo iban eta eskerrik asko etortzeagatik. Gaur zure bizitzari buruzko hainbat galdera ditugu.

Kaixo, guztioi. Bota lasai, erantzuteko prest nago.

Nola bururatu zitzaizun Youtuben hastea?

Ni gutxi gora behera zuen adinean hasi nintzen bideoak grabatzen. Nik nire kamararekin etxean bideoak grabatzen nituen, eta egun batean, Youtube topatu nuen eta hortik aurrera bideoak egiten joan nintzen. Nire lehen bideoa hurrengoa izan zen: ni nire kaletik ibiltzen, bideoa grabatzen nindoala.

Noiz hasi zinen Youtubeko kanalarekin?

Nire lehen jaunartzea egin nuenean kamara bat oparitu zidaten eta ordutik aurrera bideoak grabatzen hasi nintzen. Baina Youtuberako lehen bideoa 11 urterekin egin nuen 2011. urtean. Bideoa igotzean zirrara galanta izan nuen, izan ere, youtubera igotako bideo hori mundu guztiak ikus zezakeen eta horrek zirrara eragin zidan.

Zergatik dauka zure kanalak DespertaVlogs izena?

Jende askok egiten dit galdera hori. Nik DespertaVlogs izena jarri aurretik, beste kanal bat nuen Ibangarcia10 izenarekin. Gero sortu nuen kanalari izen bat jarri behar nion eta izena irudi batekin lotzea erabaki nuen. Pentsatu nuen iratzargailu bat irudi polita litzatekeela logo gisa. Eta ondoren pentsatu nuen, eta zer igoko ditut blogak, horregatik, DespertaVlogs izena jarri nion. Hitz joko bat egin nuen. Gaur egun sortu banu kanala beste izen bat jarriko nioke.

Zenbat harpidedun dituzu?

Nik ez dut asko begiratzen, baina uste dut 56.000 inguru dauzkala. Uste dut gaur begiratu dudala eta 56.300 inguru. Baina egunean zehar zifra hori igo edo jaitsi egiten da.

.

Telebistan ikusten zaitugu, baina gustatzen al zaizu telebistan lan egitea?

Oso gustura nago. ETB1eko Gure Kasa saion nago. Ni orain arte beti Youtuben egon naiz eta salto handi bat dago Youtubetik telebistara. Oso ezberdin sortu eta kudeatzen dira. Youtuben bideoko prozesu guztia nik egiten dut, eta telebistan, talde handi bat dago. Youtuben bakarrik nago, telebista talde lan bat da. Baina, oso gustura nago. Ezberdina da. Telebistan hitz egitean badakizu jende asko dagoela begira eta horrek urduri jartzen gaitu. Nahiz eta zerbait gaizki eginez gero moztu eta berriro egin.

Beno eta bitxikeri modura, ba al daukazu bideo gustokorik?

Bai, badaukat bat, berezia dena eta hitzaldiak ematean jartzen dudana. Hainbeste bideoren artean bat aukeratzekotan,  10.000 harpidedun edukitzera heldu nintzenean egin nuen bideoa izango zen. Bideo askoren artean egineko bideo izan zen, aurretik egindako bideoak biltzen zituen. Eta bideo kuttuna da, izan ere, txikitan grabatutako bideoak azaltzen dira. Bideoaren izena 10.000 eskerrik asko (10.000 gracias) da.

Zergatik da zure kanala gaztelaniaz?

Oraintxe bertan, euskarazko kanala ere badaukat. Baina hasieran eduki gehiena gaztelaniaz zan eta ez neukan erreferente euskaldunik. Horregatik, horiek kopiatzen edo imitatzen hasi nintzen eta horregatik hasi nintzen gaztelaniaz. Egia da, duela bi urtetik euskarazko kanala ere badudala. Kontua da, bideoak egiteko denbora asko behar dela eta horregatik, zaila da bi kanaletarako bideoak egitea. Baina, azken aldian, Gure Kasan nagoenez, euskarazko bideoak egiten ditut eta ondoren, euskarazko kanalera igotzen ditut. Eta beraz, momentu honetan, gaztelaniazko kanala alde batera utzita daukat.

Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zait euskarazko kanalak egotea. Euskaraz ez duelako pisu berdina. Baina nik uste dut lortuko duela egun batean.

Eskerrik asko gure galderak erantzuteagatik.

Plazer bat izan da. Nik animatu nahi zaituztet zuei euskarekin ondo pasatzera, bideoak egitera eta testuak idaztera. Segi horrelaxe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude